Nafarroako Unibertsitateak modako mundurako kode deontologiko bat prestatu du, aurtengo Pazko Esna-aldian bataiatutako ‘top model’ baten laguntzarekin

Miss Gipuzkoa 2000: zenbat eta on gehiago egin lagun hurkoari, orduan eta on gehiago jaso nik ere

(Veritas)

Raquel Balenciak 23 urte ditu; Zuzenbideko laugarren urtea ikasten ari da eta modelo bezala lan egiten du. 2000 urtean Miss Gipuzkoa izan zen, eta 2003an Beiruten Nazioarteko Top Model titulua eskuratu zuen. Berak idatzitako Modako Kode deontologikoa Madrileko Liburu Azokan aurkeztu berri da, eta irailean dendetan salgai izango da.

Bere lanbidearekin zerikusirik ez duen arrazoi batengatik atera zen egunkarietan: 2005eko Pazko Esna-aldian bataiatua izan zen, Eliza Katolikoaren baitan eskubide osoz sartzen zela. Juan Maria Uriarte, Donostiako gotzaina, izan zen bataiatu zuena, arabiar jatorria duen beste hiritar batekin batera. Bere liburuaz, bere lanaz eta bere fedeaz hitz egiten du ‘top model’ honek elkarrizketan.

Nola bururatu zitzaizun Modako Kode deontologikoa bat idaztea?

Nafarroako Unibertsitatean protokoloa ikasten ari nintzela, bertako kapilauak, jakinik Zuzenbideko ikasle nintzela eta modako munduan nenbilela, proposatu zidan gai honi buruzko lan bat elkarlanean egitea. Berak prestatu zituen elkarrizketak eta nik, berriz, Kodea.

Zein dira Modako Kode horren oinarriak?

Modako mundua oso azalekoa da, hutsala. Horregatik, niri okerrak iruditzen zaizkidan eta beste batzuei kaltegarri zaizkien aldeak eta jokaerak abiapuntu harturik, etika eta oinarri batzuk erabili nahi izan ditut -ez dakit ontasunezkoak diren, baina bai lagun hurkoarekiko errespetuzkoak- modako munduko akatsak zuzendu asmoz.

Hasieran miss bat edo mister bat zer den azaltzen dut; gero harremanen oinarriak aztertzen ditut, lankideekikoak eta lanbide honetako beste pertsonekin izaten direnak ere –ordezkariak, kontratuak egiten dituztenak, eta abar–; eta eskubide eta betebeharren atal bat ere ipini dut, bakoitzak zer ekarpen egin dezakeen aztertzeko.

Nagore Telleria

Inspirazio kristaua duen lana al da?

Ez dakit; behintzat, neure sinesmenaz arduratzen ari nintzen aldi berean landu nuen.

Zergatik ez zintuzten bataiatu txikitan?

Nire gurasoen erabakia izan zen, erlijio aukera oso pertsonala dela uste zuten eta. Nire anaia eta biok jaio ginenean itxarotea erabaki zuten, helduak ginen arte, geurez erabaki genezan.

Beraiek katolikoak dira, bataiatuak eta Sendotza hartuak; eta nire erlijio aukerak behar duen balio izan zezan nahi zuten, ez kanpotik ezarrita eta nik hausnartu gabea bezala. Hartutako erabakia, gainera, ez zen oso ondo onartua gure familian, batez ere amonengan, nire bataioko eguna berebiziko pozez bizi zuten arren.

Isabel Muela, Ines Sainz-ekin

Bataiatzeko erabakia hartu arteko urratsak nola izan ziren?

Zeure buruari galdera asko egiten diozun bizitzako urte horietan izan zen nire hasiera modako munduan. Zintzoa izatea zen nire kezka nagusia. Eta jabetu egin nintzen Eliza Katolikoaren baloreak zirela bizitza ulertzeko dudan moduarekin bat egiten zutenak.

Jarraitzen nuen araua zera zen: zenbat eta on gehiago egin lagun hurkoari, orduan eta on gehiago jaso nik ere. Garai hartan, Nafarroako Unibertsitatean, protokolo ikastaro batzuk egin nituen, eta han, Rafael Hernandez jn. kapilauarekin liburuaren egitasmoan lan egin ondoren, bataiatzeko asmoa nuela agertu nion.

Beraz, zure bidea Opus Deiren baitan egin duzu?

Ez, Nafarroako Unibertsitatetik gertu egin dut. Rafael jn. Opus Deiko apaiza da, baina zerbait ona izan badu eta nire konfiantza osoa irabazi zuena, nirekiko errespetua izan da; inoiz ez dit Opus Dein sartzeko aipamenik egin, ezta antzeko zerbait ere; oso neutro jokatu du. Asko lagundu zidan lehen urratsetan, irakurtzeko liburuak emanez eta kristau ikasbidearen hasi-masiak erakutsiz; baina Donostiako nire parrokian ere hartu nuen katekesia, San Bizenteko parrokoarekin. Beraiek dira prestatzen lagundu didatenak.

Seme-alabarik izaten baduzu, zure gurasoek erabaki zuten aukera bera hartuko al duzu?

Nik uste dut nire senarrarekin hitz egin beharko dudala, izaten dudanean; orain aitortu dezakedana da hartutako erabakiaz oso pozik nagoela. Garrantzi handiago ematen diodala nabaritzen dut, txikitan bataiatu zuten jenderik gehienak baino; erlijiokoa ez da asko agertzen beren bizitzetan, nirea bezalako edadera iristen direnean.

Zer da gehien erakarri zaituena Jesusen eta Elizaren Mezutik?

Jesusen Mezutik, batez ere bere hitz guztietan agertzen duen ontasuna. Eta Elizarenetik, besteei bide on bat erakutsi nahi izatea.

Zer mezu bidali nahi zenieke elkarrizketa hau irakurtzen dutenei?

Ontzat emango nuke, baliagarri gertatuko balitzaio jende askori bizitzan aukera edo bide askotxo dagoela jabetzeko, eta ondo hausnartuta hartu beharra dagoela norberarena.

“Belleza, Moda excelencia” liburuaren aurkezpena urriaren 5ean izango da, Madrileko Casa del Libron, Gran Via 29, 7.00etan; Bertan izango dira Raquel Balencia eta Alfonso Ussia, beste batzuen artean. Biharamunean, Zaragozan aurkeztua izango da, Corte Inglesko Aula del libron.