Elkarteari atxikitzen diren kleriko sekularrek laguntza espirituala bilatzen dute, beren ministeritzan santutasunera iristeko, Opus Deiren aszetikaren arabera. Atxikimendu horrek ez dakar berekin prelatutzaren presbiterioaren kide izatea: bakoitzak bere elizbarrutian inkardinatua jarraitzen du eta bere gotzainaren mendean dago bakarrik, bere lan pastoralari dagokionean ere bai, eta gotzainari bakarrik eman behar dio eginkizun horren berri.
Opus Dei Prelatutzako fededun laikoen kasuan bezala, apaiz bat Gurutze Santuaren Apaiz Elkartean onartua izateko, zinez uste behar du Jaunaren deia hartu duela santutasuna bilatzeko Opus Deiren espirituari jarraituz. Horrek baldintza batzuk ditu: diozesia maitatu eta elizbarrutiko presbiterioarekin bat eginik egotea; bere Gotzainari obeditu, eta begirune izatea; jainkozaletasuna, zientzia sakratuaren ikasketa, arimen aldeko irrika eta ukapen espiritua; bokazioak sustatzen ahalegintzea eta ministeritzaren eginbeharrak ahalik eta bikainen betetzeko gogo bizia.
Elizaren agintaritzak, zenbait dokumentutan, adibidez Vatikanoko II. kontzilioaren testu batzuetan eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodean, halako apaiz elkarte motak gomendatzen ditu.
Gurutze Santuaren Apaiz Elkarteko apaiz sekularrek dituzten heziera bide bereziak, prelatutzako kide laikoek hartzen dituztenen antzekoak dira: ikasbide edo aszetikari buruzko eskolak, hileroko erretiro egunak, etab. Honetaz gain, bakoitzak bere kabuz bilatzen ditu Elizaren zuzenbideak denontzat eskatzen dituen heziera bideak eta norberaren gotzainak agindutakoak edo gomendatuak.
Gurutze Santuaren Apaiz Elkarteko kideen hezierako eta gogozko ekitaldiek ez dute eragozten gotzainak bakoitzari eman dion ministeritzaren jarduera. Ekitaldi horien koordinazioa Opus Dei Prelatutzako gogo zuzendariari dagokio, eta hau ez dago prelatutzaren gobernuko postuen artean.
Gutxi gorabehera 2000 diakono eta apaizek osatzen dute Gurutze Santuaren Apaiz Elkartea, mundu guztiko elizbarrutietan inkardinatuak.