Laurogeita hamargarren urteurrena

Urte hauetan asko aldatu da emakumeen egoera

Josemaria Escrivak Opus Dei sortzeko Jainkoaren goi-argia hartu zuenean, 1928an, berehala hasi zen lanean gizonezkoekin, ustez emakumerik ez zela izango Opus Deiren barruan. Eta pentsatu ez ezik idatzita utzi zuen ere: Inoiz ez da izango emakumerik- ezta txantxetan ere- Opus Dein. Hura idatzi eta handik hamabost egun pasa baino lehen, meza ospatzen ari zela, Jainkoaren inspirazio berri bat jaso zuen: Jainkoak emakumeak ere nahi zituen Opus Dein. Otsailaren 14a zen, orain dela 90 urte, hots, 1930. urtean. Badirudi Jainkoak pixkanaka azaldu nahi izan ziola bere nahia, ez kolpe batean.

Laurogeita hamar urte hauetan asko aldatu da emakumeen egoera. Ez zuten orduan emakumeek gaur egun dugun askatasuna inoren baimenik gabe mugitzeko munduan barrena, gehien-gehienak ez ziren unibertsitarioak, eta prestaera eskasa izaten zuten etxeko lanetan ez izatekotan. Hala ere, Jaunaren nahia izanda, posible izango zela jakinez, Escrivak aurrera jo zuen. Orduan amets hutsak ziruditen apostolutza lanak pixkanaka sortzen hasi ziren, bere fedeari eta lehenengoen fideltasunari esker. Fideltasunhorren fruituen artean, joan den urtean ikusi ahal izan genuen Guadalupe Ortiz de Landazuriren, Opus Deiko lehenengo emakumeetako baten beatifikazioa, baita haren eragina lan egin zuen leku guztietan.

Gaur egun daramagun bizierakbadirudi ez digula gertaera garrantzitsuak bururatzeko lekurik uzten eta, alderantziz, askotan eragin gutxiko gertakariei buruan bueltak ematen gabiltza jo eta ke. Zein ongi datozen urteurrenak benetan pena merezi duten gauzetan pixka bat pentsatzeko. Alde batetik eta lehenbizi, noski, Jainkoari dohain hori eskertzeko, kontaezinak baitira laurogeita hamar urte hauetan zehar, Opus Deiko emakumeen apostolutza lanen emaitzak mundu osoan.

Bestetik, etorkizunari begira, mundua errealismoz baina baita itxaropenez ere begiratzen jakin dezagun. Badago munduan jende on ugari, gazteen artean ere bai, bihotz zabal, solidarioak, ideal handiak dituztenak. Horiei lagundu behar zaie beren idealak gauzatzen naturaz gaindiko ikuspuntutik. Jaunari eskatu behar diogu gutako bakoitzak erantzukizunez eta profesionalki jakin dezagun ideiak eta proiektuak ematen apostolutza lan handi honi.

Azkenik, ezin ahaztu, Jainkoari eskerrak ematea emakumeari eman dion dohain bereziengatik. Opus Deiren fundatzaileak zioenez, “…emakumea deitua dago familiara, gizarte zibilera eta Elizara bere ezaugarri bat, berezkoa duena eta berak bakarrik eskain dezakeena, eramatera: bere samurtasun leuna, bere eskuzabaltasun asperrezina, zehaztasun zaletasuna, buru argitasun azkarra, bere intuizio gaitasuna, bere jainkozaletasun sakon eta xumea, bere iraunkortasuna…” (Solasaldiak… 87).

Ana Etxaide