Kristau herria Abendu Aldian itxaropenez eta gogozko itxarotez betetzen da

Abendualdiko bukaeran Aita Santuak kristauoi hasieran esan zizkigun mezua gogoratzen dugu

Senide maitekok!

Igande honekin ematen diogu hasiera Abendu Aldiari. Erlijiozko ikuspuntutik begiratuta oso aldi adierazkorra dugu, itxaropenez eta gogozko itxarotez betea baitago. Urtero, kristau elkartea Berreroslearen jaiotza gogoan hartzeko prestatzen denean, bere baitan pozezko hozkirri bat nabaritzen du, neurri batean gizarte osoari ere sakabanatzen dena. Kristau herria Abendu Aldian espirituaren mugimendu bikoitza biziberritzen du: alde batetik, jaso egiten ditu begiak historian bizi duen erromesaldiaren azken mugarantz, Jesus Jaunaren aintzazko itzulirantz, alegia; beste aldetik, haren Belengo jaiotza zirraraz gogoraturik, makurtu egiten da Jaiotzarantz. Kristauen itxaropenak etorkizunerantz jotzen du, baina beti gelditzen da ondo erroturik iraganako gertakizun batean. Garaiak bere betera iritsi zirenean, Jaungoikoaren Semea Maria Birjinagandik jaio zen, “emakumeagandik jaioa, legepean jaioa”, Paulo apostoluak dioenez (Gal 4,4).

Ebanjelioak gaur erne egon gaitezen eskatzen digu, Kristoren azken etorreraren zain. “Egon erne!” dio Jesusek, “ez baitakizue noiz datorren etxeko jabea” (Mk, 13,35.37). Alde egin zuen jabea eta hura ordezkatu behar zuten zerbitzarien parabola laburrak erakutsi hau ematen digu: prest egon behar dugula Jauna ongi hartzeko ezustean agertzen denean. Kristau elkarteak antsiaz itxaroten du haren “agerraldia”. Paulo apostoluak korintoarrei idazten dienean, hauxe eskatzen die: Jaungoikoaren leialtasunean uste on izatea; eta inork haien aurka zeresanik izan ez dezan moduan bizitzea, itzultzen denean, Jaunaren egunean (Cf 1 Kor 1, 7-9). Horregatik, egoki asko, Abendu Aldiaren hasieran liturgiak Salmoaren deiadarra ipintzen digu ezpainetan: “Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna, eman zeure salbamena!“

Kristauek garai honetan piztu egin behar dute beren bihotzetan mundua, Jaungoikoaren laguntzaz, berritu ahal izateko itxaropena, horixe baitagokio Abendu Aldiari. Vatikano II.eko Gaudium et Spes, ‘Eliza gaurko munduan’ gaitzat duen idazkia, gogoratu nahi nuke gaur: kristau itxaropenez blai dagoen testua da. 39. zenbakiaz ari naiz, izenburu hau duenaz, hain zuzen: “Lur berria eta zeru berria”. Hauxe irakur daiteke bertan: “Jaungoikoak bizileku berri bat eta lur berri bat non justizia nagusia baiten prestatzen digula erakusten digu” (Cf. 2 Kor 5,2; 2 Pet 3,13)… Hala ere, lur berri bat itxaroteak ez du oraingo lur hau hobetzeko kezka moteldu behar, eztitu baizik. Izan ere, gure ahaleginaren fruitu onak aurkitu egingo ditugu Kristok bere Aitari bere erreinu azkengabekoa eta unibertsala emango dionean. Abendu Aldiaren Erregina den Maria txit Santuak lor diezagula grazia-aldi hau erne eta Jauna itxaroten bizitzen.

Angelusaren ondoren, Aita Santuak agurtu egin zituen erromesak, zenbait hizkuntzatan. Gaztelaniaz, honela hitz egin zuen:

Abendu Aldia hastean, agurtzen ditut bihotzez gaztelaniazko erromesak, hemen daudenak eta irrati-telebisten bitartez Angelusaren errezoa jarraitzen dutenak. Liturgi aldi honek berpiz dezala zuen bihotzetan munduaren argia den Kristoren bila ateratzeko gogoa eta bizirik iraunaraz dezala zuen sinesmenaren garra. Mariak, itxaropenaren Amak, zuzen ditzala beti zuen urratsak. Igande zoriontsu izan!