Dauden eliz-zirkunskripzio gehienak lurraldekoak dira, sinesleek lurralde konkretu batekin duten helbidea izanik lotura horren arrazoia. Horixe dugu elizbarrutien kasu tipikoa. Beste batzuetan, eliz-zirkunskripzio baten sinesleen zehaztapena ez da helbidean oinarritzen, baizik eta beste irizpide batzuen bidez, hots, lanbidea, erritoa, migrarien izaera, jurisdikzio-erakundearekin egindako hitzarmena e.a. Hori da, adibidez, ordinariato militarren eta prelatutza pertsonalen kasua.
Prelatutza pertsonalak —Vatikano II.a Kontzilioak babestuak, esan den bezala— burutzan Artzain bat duten erakundeak dira; izan ere, prelatua gotzaina izan daiteke, Aita Santuak izendatua eta prelatutza gobernatzen duena erregimen edo jurisdikzioko ahalmenaz. Eta, prelatuarekin batera, apaiz sekularrak eta kide laikoak daude, gizonak eta emakumeak.
Prelatutza pertsonalak, bada, Elizaren egitura ierarkizatuaren erakundeak dira; hau da, Kristok eman zizkion helburuak lortzeko, Elizak bere burua antolatzeko duen moduetako bat. Eta hurrengo ezaugarri hau dute: haren kideek, era berean, beren helbideko toki-eliza edo diozesietako kide izaten ere jarraitzen dute.
Esandakoengatik eta beste ezaugarri batzuengatik ere, prelatutza pertsonala argiro bereizten da erlijioko institutu eta, orokorrean, bizitza sagaratuetakotik; eta, baita ere, sinesleen mugimendu eta elkarteetatik.