Inork zaindu izan badu ozenki euskara, eliza izan da

Barandiaran Fundazioaren lehendakari eta Labayru Ikastegiko zuzendari den Ander Manterola Nafarroako Unibertsitatean egon da Jose Migel Barandiaran eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko harremana azaltzeko

Euskara eta euskal etnografia izan dira 69 urteko zeanuritar honek gehien landu dituen eremuak. Louvainetik bueltan Labayru ikastegia sortu zuen, orain dela 25 urte. Etniker Bizkaia aldizkariaren aita ere bada. Euskal etnografiaren mundura Joxe Migel Barandiaranen eskutik sartu zen 1972 urtean. Gaur, Barandiaran Fundazioaren lehendakaritza darama. Joan den astean Iruñara bueltatu zen, hiri ezaguna beretzat, Abarrots taldearen eskutik Nafarroako Unibertsitateari hitzaldi bat emateko.

- Nola aldatu dira gauzak hasi zinenetik gaurdaino?

Asko erraztu egin dira. Gero, gehienbaten badakizu zenbat argitaratu izan den euskaraz azken hogei urte hauetan. Beharbada aurreko bi gizaldietan baino gehiago. Ikastoletatik etorri den jakituria ere… asko sakondu da. Gainera hirietan euskara prestigiatu egin da. Gaur egun badira unibertsitatean bertan euskaraz ikasteko modurik. Literatura munduan ere belaunaldi berri Portu da, Atxaga, Irigoien, Lertxundi,… Alde horretatik nik uste gauzak hobetzen ari doazela.

- Orain dela hamar urte baino gehiago Barandiaran hil zela. Gaurko egoera ikusiko balu?

Berak beti esaten zuen etorkizuneko egoerak hobeagoak izango zirela. Pozik egongo litzateke bere etnografiaren proiektua aurrera eraman ahal izateko. Ze berak lehenbiziko bolumena baizik ez zuen ezagutu.

-Bere lanari buruz badaude oraindik gauza berriak ezagutzeke?

Nik uste baietz. Barandiaranen obra hemendik ehun urtera interesgarriagoa izango da galdu den herri mentalitatea ezagutzeko.

- Eta zein uste duzu izan dela elizaren papera euskararekiko?

Elizaren papera gutxituz doa gizartean, baina gauza bat esan nezake: inork zaindu izan badu euskeria historian zehar, publikoki, ez etxe barrean, ozenki, eliza izan da. Batzuk esaten diote erruduna izan dela; behar bada bai, mundu honetan ez dago inor erruduna ez denik.

Jose Migel Barandiaran eta Nafarroako Unibertsitatea

Jose Migel Barandiaran (1889-1992) antropologo eta apaiz ospetsuak aspaldidanik izan zuen Nafarroako Unibertsitatearekin harremana. 1964ko urtarrilaren 30an, orduko Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta Letren irakaslea, D. Manuel Ferrer, hari bisitatzera joan zitzaion. Orduantxe eman zioten Jose Migel Barandiarani Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren ardura eta, urte horretan bertan Euskal Herriko Aurre-historia eta Etnologia irakasgaia ematen hasi zen harik eta 1978an erretiratu zen arte. Irakasgai hau eman ahal izateko Bianako Printzea instituzioaren dirulaguntza izan zuen hastapenetan.

Iruñean Barandiaranek Etniker taldea sortu zuen. Nafarroako ikerketa talde horretan Inkesta etnologikoak egiteko Gida bat garatu zuten. Handik gutxira (1972an) Etniker Bizkaia sortua izan zen. Geroago beste bi: Etniker Gipuzkoa eta Etniker Araba. Horietan guztietan Jose Migelek bere lankideekin garatutako galdetegiak erabiliak izan dira haien ametsari hauspoa emateko asmoz: Euskal Herriko Atlas Etnografikoa argitaratzea.

Egun, Etniker Nafarroako saila Nafarroako Unibertsitatetik zuzendurik dago: María Amor Beguiristáin dugu zuzendari. Irakasle honek beronek editatu du Jose Migel Barandiaranen irakasgaia izenburu honekin: Curso monográfico de etnología vasca (Donostian, 2000). Bertan irakasgai hau emateko Jose Migelek erabilitako apunte eta materialak ematen dira argitara, berak eskuz egindako irudiekin eta zenbait artxibategitik ateratako argazkiekin hornituak, gai honetan murgiltzeko eskuliburu aproposena izanik.

Diario de Navarra, 2004ko urtarrilak 19