Gure Enea gazte elkarteak Donostian elkartasuna areagotzen

14 eta 18 urte arteko ikasleak dira. Larunbat arratsaldeko ordu batzuk dohainik ematen dituzte beharrean dauden adintsuei laguntza eskaintzeko. Paula Yurritak eta Clara Lopezek, 17 urtekoek, parte hartzen dute “Gure Enea” gazte elkarteak -Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko departamentuarekin batera- martxan jarri duen “Elkartasuna zure herrian” programan.

Larunbatero, arratsaldeko lauretan, elkartearen arduradun bat joaten da, gazteekin batera, adineko pertsonen etxeetara, beronen egoeraz mintzatzeko, honek gazteei laguntzen dielakoan. “Dena dela, lehenengo bisitetan bakarrik joan naiz sarritan, bi aldetatik konfiantza laster sortzen da eta”. Solasaldian ematen dituzte orduak nagusiki. “Beren seme-alabez, beren maitasunez edo beren gaztaroaz hitz egiten dute”, esaten du Paulak.

Paseatzera ere laguntzen diete. Askotan, nekez ibiltzen baitira, gurpil aulki bat behar izaten da kalera irteteko. Teofilari -83 urte-, bere ahizpari esker, ez zaio ezer falta etxean, baina ez du norekin kalera irten. Apiriletik hona, Palentziako andre honi hamabostero etortzen zaizkio gazteak etxera gurpil aulkian kalera eramateko. “Laurak baino lehenago banago prest, erlojuari begira laurak noiz izango. Nire aldetik, egunero etorriko balira…”

Martxoan programa hasi zenetik, elkarteak ikastaroak eman ditu boluntarioen prestakuntzarako. Irabazi asmo gabeko elkarte honek ikastaro trinko bat prestatuko du laster, Gizarte Ongizateko Departamentuari eta hirugarren adineko kolektiboarekin tratua duten beste pertsonei deituz, hirian dauden beharrak eta beren esperientziak ager ditzaten.

Gure Enea elkartearen bitartez, Donostiako guraso talde batek bere seme-alabei kristau heziera eman nahi die.

Patricia Gállego // El Diario Vasco