Espiritua

Opus Deik zabaltzen duen mezua da, bataiatu guztiak santutasunera deituak daudela, bakoitzak bere lana eta eginbeharrak betez.

“Opus Deiren espirituaren ezaugarri nagusia inor ere bere lekutik ez ateratzea denez, bakoitza bere bizibideko eginkizun eta obligazioak eta Elizan eta gizartean duen misioa ahal bezain ongi betetzera eramaten du”. Opus Deik, bere espiritu sekularraren bidez, Elizaren eta gizartearen zerbitzuan dihardu, kristauak santutasunera eta apostolutzan lan egitera bultzatuz. Bataioko deiaren eskaerak ezagutu eta bereak egiten laguntzen die, bakoitzari munduan dagokion lekuan.

Hauek dira Opus Deiren espirituaren ezaugarri batzuk:

Jainko seme-alabatasuna. Kristaua, bataioaren bitartez, Jainkoaren seme-alaba da. Kristautasunaren oinarrizko egia hau funtsezkoa da Opus Deiren espirituan, haren fundatzaileak erakusten duen bezala: “Jainko seme-alabatasuna Opus Deiren espirituaren oinarria da”. Prelatutzak eskaintzen duen hezierak, horren ondorioz, Jainko seme-alabak direla biziki sentitzera eramaten ditu kristauak, eta zentzu horren arabera jarduten laguntzen die: Jainkoaren probidentziarenganako konfiantza sustatzen du, Jainkoarekiko harreman xaloak, gizaki guztien duintasuna eta anaitasunaren aldeko sentipen sakona, mundua eta Jainkoak sortutako gauzenganako egiazko kristau maitasuna, baretasuna eta baikortasuna.

Bizitza arrunta. Kristau soilak bere bizitzako egoera eta eginkizunetan santutasuna bila dezake. Opus Deiren fundatzailearen hitzetan: “Eguneroko bizitza santu eta Jainkoaz betea izan daiteke”; “Jaunak eginkizun arruntak santutzera deitzen gaitu, horretan baitago ere kristau bikaintasuna”. Beraz bertute guztiak garrantzizkoak dira kristauarentzat; sinesmena, itxaropena eta maitasuna, eta giza bertuteak, hala nola ezkuzabaltasuna, lan zaletasuna, zuzentasuna, leialtasuna, alaitasuna, egiazaletasuna etab. Bertute hauek erabiliz, kristauak Jesukristori jarraitzen dio.

Kristau arruntaren bizitza gauza txikiez osatzen da. “Santutasun handia, une bakoitzeko eginbehar txikiak betetzean dago”, erakusten zuen Opus Deiren fundatzaileak. Gauza txikiak dira, adibidez, zerbitzu eta heziera oneko xehetasunak, besteenganako begirunea, gauzak txukun gordetzea, puntualtasuna etab.: gauza hauek Jainkoarenganako maitasunagatik betez gero, badute garrantzirik kristau bizitzan.

Lana santutu. Ohiko lana santutzea kristau soilaren gogo bizitza osoa oinarritzen den orpoa da. Lana santutzeak eskatzen du, giza mailan, ahalik eta bikainen egitea (lanbide lehiaz) eta, kristau mailan, guztiz ongi (Jainko nahiaren maitasunez eta gizakien zerbitzuan).

Opus Deiren espirituaren arabera, lana, bakoitzak munduan egiten duen lanbide egintza, santu izan daiteke eta santutasun bide bihurtu: “Kristok lana berea egin duenez, berrerosia izan da eta salbagarria bihurtu; ez da, bakarrik, gizakia bizi den giroa, baizik eta santutasun bide, santutu daitekeena eta santutzaile”. Edozein lan jator, garrantzitsua nahiz apala giza begien aurrean, Jauna goresteko eta gizakiak zerbitzatzeko aukera bat da.

“Kaleko jendea gara, kristau arruntak, gizartearen zirkulazio uharrean murgilduak, eta Jainkoak santu nahi gaitu, apostolu, gure lanbidearen erdian hain zuzen ere, hots, lan horretan geure burua santu eginez eta besteei lan horren bidez santutzen lagunduz”.

Askatasuna maitatzea. Opus Deiko fededunek beste hiritarrak bezalakoak direnez gero, eskubide eta obligazio berberak dituzte. Beren ekintza politiko, ekonomiko edo kulturaletan norberaren askatasun eta erantzukizunez dihardute, beren erabakietan Eliza edo Opus Dei nahastu gabe, eta erabaki horiek fedearekin ados dauden bakarrak izango balira bezala azaldu gabe. Horrek besteen askatasuna eta iritziak errespetatzea eskatzen du.

Otoitz eta ukapen bizitza. Opus Deiren espirituak otoitza eta penitentzia bilatzera bultzatzen du, ohiko eginkizunak santutzeko gogoa bizirik mantentzearren. Horregatik, prelatutzako fededunek eguneroko jardun batzuk sartzen dituzte bere bizitzan: otoitza, eguneroko Meza, aitortzako sakramentua, Ebanjelioaren irakurraldia eta hausnarketa, etab. Ama Birjinarenganako jaierak garrantzizko lekua hartzen du beren kristau bizitzan. Jesukristoren urratsei jarraitzeko, ukapena bilatzen dute, batez ere beren eginbeharrak betetzera lagundu eta besteei bizitza atseginago egiten dietenak. Era berean, atsegin zaien gauza txiki batzuei uko egin, eta baraua eta limosna egiten dute.

Bizi batasuna. Kristauaren Jainkoarekiko adiskidetasuna, eguneroko ardurak, eta apostulatzarako ahaleginak “bizi batasun xume eta sendo” batean elkartu behar dira. San Josemariak erabiltzen zuen esaldi honek, bere kristau bizitzazaren ulermen sakona laburbiltzen du.“Bizi batasuna –San Josemariak erakusten du– behar-beharrezkoa da santu egiten saiatzen direnentzat beren laneko gorabeheren erdian, beren familia eta gizarte harremanetan”. Opus Deiren fundatzaileak zioen bezala, munduaren erdian lan egiten duen kristauak ez ditu “bi bizitza eraman behar: alde batetik barne-bizitza, Jainkoarekiko harremanak; eta bestetik, desberdina eta banatuta, familiako, lanbideko eta gizarteko bizitza”. Alderantziz, “bizitza bakar bat dago, haragiz eta espirituz egina, eta horixe izan behar da –ariman eta gorputzean– santu eta Jainkoaz betea”.

Maitasuna eta apostolutza. Opus Deiren kideek beren kristau sinesmenaren lekuko izaten saiatzen dira. Fundatzailearen hitzetan: “Gure lankide, lagun edo etxekoen asmo berak burutzeko haiekin batera ahalegintzen garenean, Kristorengana iristera lagun diezaiekegu”. Eginkizun hau betetzeko, lehenik, jarraibidea eman eta gero hitz egin behar da. Kristo ezagutzera emateko asmo hori, inguruko behar materialei eta gizarte arazoei irtenbide bat bilatzen laguntzeko gogoari lotuta dago.