Bassam eta Raghad: ongi etorriak zuen etxera

hiru seme-alabekin bizi ziren Korakoch hiriaren ondoan

Olivia eta Thimothéek zazpi seme-alaba dituzte eta Lille eta Valenciennes-en arteko herri txiki batean bizi dira, Frantzian. Beren etxean Irakeko familia kristau bat jaso dute: Bassam eta Raghad, beren hiru seme-alabekin, 9, 7 eta 3 urtekoak hauek. Abuztuan Karakochetik ihes egin behar izan zuten.

Oliviak honela dio: “Abuztuaren erdialdean adiskide dugun apaiz baten deia hartu genuen. Erbilen, Kurdistaneko hiriburuan, Irakeko ehunka errefuxiatu kristauen egoeraren berri eman zigun. Abegi-familia bat bilatzen ari zen Frantzian. Kristau hauek gauez ihes egin behar izan zuten, dena atzean utzirik”.

Bassad, Raghan eta beren hiru seme-alabek Irakeko elkarte kristau handiena biltzen zen hiria, Karakoch, Mosuletik hurbil, utzi behar izan zuten. Estatu Islamikoko yihadistek Karakoch hartu zuten. Lurralde hartako milaka eta milaka pertsona atera behar izan ziren bortxakeriatik ihes egiteko.

Louis Sako Patriarka Kaldearrak esan zuen, 100.000 kristauek bortxakeriatik ihes egin zutela eta yihadisten esku dauden hirietan “elizak hartuak daude eta gurutzeak kendu dira”.

Karakoch hiri guztiz kristaua zen, Mosul, Estatu Islamikoaren eskuetan dagoen Irakeko hiri nagusia, eta Erbil, Kurdistan lurralde autonomikoaren hiriaren artean kokatua.

“Egoera izugarria zen –jarraitzen du esaten Oliviak- eta laguntza eskaera hark benetan ukitu gintuen. Gure senideekin bat eginik sentitu ginen, gu bezala bataiatuak ziren haiekin eta beren fedeagatik jazarriak. Egun batetik bestera erabateko pobrezian aurkitu ziren”.

“Baina, aldi berean, esan behar dut, bagenuen ere harrera egiteko errezelo pixka bat. Zazpi seme-alaba ditugu, gure etxea ez da hain handia… Aldeko eta kontrako gauzak kontutan hartuta, garbi zegoen gure erosotasuna murriztu egingo zela.”

Gure adiskide apaizak bederatzi familientzat bilatzen zuen harrera. Gu pentsatzen ari ginen bitartean, nire aita-amaginarrebek talde bati harrera egitea erabakia zuten. Familia hura ikustean pentsatu genuen: Ezin dugu gehiago zalantzan egon. Gure seme-alaba zaharrenek, 15 eta 14 urtekoek, onartzera bultzatu gintuzten. ‘Lekua egin diezaiekegu’ esan zuten, ‘etxea beste modu batez antolatuko dugu eta laguntza bila dezakegu’.”

Egoera haren larritasunari begira, Frantziakekialdeko kristauei babes emateko gauzak erraztu ditu. Administrazio prozedurak errazak izan ziren. “Momentuz abentura apartekoa da. Bassam eta Raghad, eta haien hiru seme-alabak handik denbora gutxira heldu ziren kontsulatuaren aurrean guk emandako abalari esker”.