Joan Paulo II.ak Josemaria Escrivaren kanonizazioan egindako homilia.

Joan Paulo II.ak Josemaria Escriva dohatsuaren kanonizazioan egindako homiliaren laburpena. “Mundua Jaungoikoagana jaso eta barrendik eraldatzea: hona hemen Sortzaile Santuak adierazten dizuen eredua” esan die Aita Santuak 80 herrialde baino gehiagotatik San Pedro Plazara bildu direnei.

"Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira” (Erm 8, 14). Gure batzarrean entzun berri diren Paulo apostoluaren hitz hauek, gaur ospatzen dugun Josemaria Escrivaren kanonizazioko mezu esanguratsua hobeto ulertzen laguntzen digute. Berak utzi egin zion otzantasunez Espirituari bere burua gida zezan, Jaungoikoaren nahia zeharo betetzeko bide bakarra dela ongi jabetuta.

Behin eta berriz aldarrikatzen zuen oinarrizko egi kristau hau. Izan ere, eten gabe luzatzen zien bere arimako seme-alabei Espiritu Santuari dei egiteko gonbitea, barru bizitza – Jaungoikoarekiko harremanetako bizitza, alegia – eta familiako, lantegiko eta gizarteko bizitza, mila lur arazo koskorrez josia dagoena, ez zitezen banatuta egon, baizik eta “santu eta Jainkoaz beteriko” bizi bakarra osa zezaten. “Jainkoa, ikusezina izanik, ageri diren gauzarik lurrezkoenetan ere aurki genezake” (Conversaciones con Monseñor Escrivá de Balaguer, 114). Gaurkoa eta larria da, gaur ere, irakatsi hau.

Mundua Jaungoikoaganatzea eta barrendik aldatzea: hona sortzaile santuak agertzen dizuen egitasmoa. Berak gogorazten dizuenez, beharrezkoa da ez beldurtzea Kristoren izaera jatorrizkoena galbidean jartzen duen kultura materialistaren aurrean.

Haren antzera, zabal ezazue gizartean, arraza, maila, kultura edo adineko bereizkeriarik gabe, denok garela santu izatera deituak. Saia zaitezte zeuok lehenbizi, santu izaten, apaltasun eta zerbitzuko bizimodu ebanjelikoa eramanez, Jaungoikoarenganako uste onez eta Espirituaren ahotsa eten gabe entzunez. Horrelaxe izango zarete “munduarentzat gatza” (cf. Mt 5, 13) eta argi egingo du “zuen argiak denen aurrean, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten” (Mt 5, 16).

1931ko abuztuaren 7an, meza santua ospatzen ari zela, Jesusen hitz hauek entzun zituen bere baitan: “Lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak” (Jn 12, 32). Harrezkero garbiago ulertu zuen Josemaria Escrivak bataiatuen zeregina Kristoren Gurutzea gizon-emakumeen gainean jasotzea dela eta bizi giro guztiak ebanjelizatzeko grina nabaritu zuen. Bere egin zuen, zalantzarik egin gabe, Jesusek Pedro apostoluari luzatutako gonbitea - “Duc in altum” -, plaza honetan entzun berri duguna. [...] Guri guztioi zabaltzen zaigu gaur gonbite hau. Maisuak esaten digu: “Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako” (Lk 5, 4).

Ama Birjinak egin gaitzala Ebanjelioaren egiazko lekuko, Kristoren Erregetzaren eraikuntzan laguntza oparoa emateko prest.