Eduardo Ortíz de Landázuri

Segovia, 1910 — Pamplona, 1985.

Eduardo Ortiz de Landazuri Segovian (Espainia) jaio zen 1910eko urriaren 31n. Medikuntza ikasketak egin zituen. 1933an Lizentziatura eta 1944an Doktorego maila lortu zituen.

Madrileko Hospital del Rey izan zen bere lanbidean hasi zen lekua. 1935ean Alemanian ikasketak sakondu zituen. 1940an Madrileko Ospital Klinikoan hasi zen lanean, medikuntzan beti bere maisutzat izan zuen Jimenez Diaz Doktorearekin. 1946an Cadizeko Medikuntza Fakultateko Patologia Orokorraren Katedra lortu zuen, baina laster Granadako Unibertsitateko Patologia Kliniko eta Mediko katedrara aldatu zen. 1958ko irailean Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultate sortu berrira aldatu zen. Fakultate horretan –eta Unibertsitateko Klinikan– igaro zituen urteak lanean jubilazioaren eguneraino.

Espainiako gerra zibila hasi zenean, bere aita, militarra profesioz, Madrilen atxilotu zuten eta heriotzara kondenatu, egun haietako gertaera odoltsuetan parte hartu ez izan arren. Bere ama eta arrebarekin batera, haren ondoan igaro zuen irailaren 8an gertatutako fusilamendu aurreko gaua. Egun haiek aipatuz, esango zuen gero: “Nire bizitzako egun mingarrienak izan ziren”. Bere aitaren erailketak seinale sakona utzi zuen bere ariman eta krisi erlijioso baten hasiera izan zen, Jainkoarengana bihurtzera eraman zuen bidearena.

1941eko ekainaren 17an Laura Busca Otaegirekin ezkondu zen. 1935ean ezagutu zuten elkar, Laurak Hospital del Rey hartan bertan lan egiten baitzuen Farmaziako Departamenduan. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Bere familia –emaztea eta umeak– izan zen bere zerbitzu bizitzaren lehen alorra.

1952ko ekainaren 1ean eskatu zuen onarpena Opus Dein. Jainkoaren Egintzarekin topo egin zuenetik, hasi zen bere borroka kristau bizitza etengabe hobetzearren. San Josemaria, Opus Deiren fundatzailea, bihotzez maitatzera iritsi zen, eta haren bizitzak eta irakatsiek irekitako bideei jarraitu zien. Pixkanaka, Jainko seme zela jakinez, jainkozaletasun xume eta sendoa lortu zuen. Kanpotik beti bake eta alaitasun sakonez beterik ikusten zitzaion, eta modu jatorrez agertzen zituen ere ezbehar eta neke unetan.

Harritzekoa zen bere jarduera profesionala noraino iristen zen: goiz hasten zuen eguna, otoitzari eta Meza Santuari denbora emanez eta, gehienetan, hurrengo eguneko lehen orduetan bukatzen zuen. Kasu handia egiten zien lankide eta laguntzaileei; ikasleentzat maisu eta gidari izan zen, lanbide nahiz giza arazoetan. Denekin atsegina zen eta beti saiatzen zen besteentzat prest egoten; bere buruarekin nahiz besteekin zorrotz, jasotako talentuei Jainkoarentzat atera nahi baitzion etekina. Gaixoek egiazko adiskide bat aurkitu zuten berarengan, pertsonaren alde guztiak axola baitzitzaizkion, bai gorputzean, bai espirituan hobekuntza lor zezaten.

Opus Dein ikasi zuen bizi batasunaren balioa. Eta ongi ulertu zuen bere familiarenganako arreta, ikasketak, lana, lagun, lankide eta ikasleekiko harremanak kristau zentzuz beterik egon behar zirela; ekitaldi bakoitzak, ordenaz beterik eta bere momentuan egina, arima Jainkoarengana zuzentzen laguntzen zion: bere bizitzaren eskaintza zen, otoitz kontenplatzaile bihurturik.

1983an, 73 urte zituela, utzi zuen irakaskuntza. Denbora gutxi geroago, tumore minbizidun bat diagnostikatu zioten. Operatu zutenean, minbizia oso zabalduta zegoela eta ezin senda zitekeela ikusi zuten. Lehenengo unetik jabetu zen bere gaixotasunaren garrantziaz eta Kristoren oinazeei egunez egun gehiago bat eginik onartu zuen, Elizarengatik eskainiz. Bere bizitzako azkeneko bi urteak jarduera profesional ugarikoak izan ziren oraindik, arimak Jainkoari hurbiltzeko asmoz beteak. 1985eko maiatzaren 1ean Iruñeako Unibertsitate Klinikan gelditu zen behin betiko, eta 20an hil, goizeko 9,10etan, otoitz hau behin eta berriz esaten zuen bitartean: Jauna, gehi iezadazu sinesmena, gehi iezadazu itxaropena, gehi iezadazu maitasuna, nire bihotza zurearen antzekoa izan dadin!

Handik aurrera, bizi zen bitartean batzuek ohartzen zuten santutasunaren ospea nabarmentzen hasten da, eta gero eta gehiago dira haren bitartetzaz baliatzen direnak Jainkoaren aurrean.

Eduardo Ortiz de Landazuriren bitartetzaz graziak eskuratzen dituztenei eskatzen zaie ager ditzatela Opus Dei Prelatutzaren Santuen Auziendako Espainiako Bulegoari, Diego de Leon kalea, 14, 28006, Madril.

Santuen Prozesuetarako Kongregazioan dago, aztergai, Positio super vita et virtutibus.