Zuretzat egin gaituzu eta ezinegon daukagu bihotza zuregan atseden izan dezan arte (Aitortzak, I, 1)

San Agustinen lanak euskaratuak izan dira, Pentsamenduaren Klasikoak euskarazko bilduman

Abenduan, Pentsamendu Unibertsaleko Klasikoak bilduma aurkeztu zen Iruñean, Baluarte Jauregian.

Azken hamarkada hauetan euskararen bateratze eta garatze gaiari heldu izan zaion bakoitzean, ia hutsik egin gabe aipatu izan da gure hizkuntzak bere burua gaitu beharra daukala beste edozeinek bezalaxe. Gaur egungo euskal gizarteak, Mendebaldeko kultur eremuan kokaturik dagoenak, erro grekolatindarretatik eta ondorengo mendeetan haietatik abiatuz gure egunotara arte izan duen aberaste filosofiko eta zientifikotik hartzen du bere bizi-iraina.

Pentsamendu unibertsaleko obra nagusienak euskaratzeko proiektuak -unibertsitateko premia nagusiak kontuan izanik- arretaz hautatu behar izan ditu titulu, gai, hizkuntza eta estiloak, orekatuki uztartuz. Horien artean San Agustinek ere bere lekua izan du bilduma honetan. Hona hemen “Aitortzak” liburuaren pasarte famatu bat:

X. LIBURUA, VI. Kapitulua

Dudarik gabe, Jauna, jabe naiz maite zaitudala. Bihotza zauritu didazu zure hitzaz eta maite zaitut. Zeru-lurrek eta han daudenek oro nondinahi esaten didate zu maitatzeko eta etengabe ari dira guztiei esaten, aitzakiarik ez dezaten.

Zer dut, ordea, maite, maite zaitudanean? Ez gorputz eder, ez aldi eder, ez begiok hain maite duten argi zuria, ez lelo guztien doinu leunak, ez lore, gantzuki eta lurrinen usain gozoa, ez mana, ez ezti, ez haragi atal laztangarriak; ez dut hau maite ene Jaungoikoa maite dudanean. Halere, argi antzeko zerbait maite dut, mintzo edo usain edo janari, edo laztan antzeko zerbait maite dut, ene Jaungoikoa, argi, mintzo, usain, janari laztan barnekoia maite dudanean; bertan arimari argi dagio tokian kabitzen ez den hark, mintzatzen zaio denborak ez daraman ahotsa; betetzen du haizeak barreiatzen ez duen usain batek; dastatzera ematen zaio janez ahitzen ez den jakia; honi itsatsiz, ez dago, gero, asebetetea aldentzeko beldurrik. Hau dut maite, nire Jaungoikoa maitatzean.

Eta hau zer da? Galdegin nion lurrari eta erantzun zidan: «Ez naiz ni»; eta bertan dauden guztiek erantzun bera eman zidaten. Galdegin nien itsasoari, amildegiei eta arima bizia duten narraztiei, eta erantzun zidaten: «Ez gaituzu zure jainko. Gure gainetik bilatu beharko duzu». Haizekirri iheskorrei egin nien galde, eta hegaztiekin batera aire zabal osoak erantzun: «Gezurra dio Anaximenesek; ez nauzu jainko!» Zeru, eguzki, ilargi eta izarrei galde eta: «Ez gara zu bila zabiltzan jainkoa!», erantzun zidaten.

Esan nien nitaz landa dauden guztiei: «Esadazue zuek zerbait nire Jaungoikoaz, zuek ez bazarete; esadazue hartaz zerbait». Eta oihu handiz mintzatu ziren: «Hark egin gaitu». Nire galdera haiei so egitea izan da eta erantzuna beraien edertasuna.

Itzuli nintzen neuregana eta neure buruari galdegin nion: «Nor haiz hi?», eta erantzun: «Gizona». Gorputz-arimak neuregan dauzkat, bata barnean, bestea landa. Bi hauetarik nondik bilatu behar nuen nik ene Jaungoikoa, gorpuzkietan lurretik zeruraino saiatu bainintzen bilatzen, nire begi-errainuak urrundu ahala galdezka bidalirik? Hobeki, noski, ene baitan; hona baitatoz berriekin gorputz-mezulari guztiak, zeru-lurren eta bertan dauden guztien erantzunen buru eta epaile bailitzan, ene barneari esanez: «Ez gara Jaungoiko» eta «Berak egin gaitu».

Mundu zabalari galdegin nion ene Jaungoikoaz eta erantzun zidan: «Ez naiz ni; hark egina bainaiz». Zentzudun guztiei ez al zaie ageri edertasun hau? Zergatik ez zaie denei berdin mintzo?

Handi eta txiki, animaliek ikusten dute, baina ezin galdegin, ez baitute zentzu berriemaileen gain arrazoiaren irizpidea nagusi. Gizakiak, aldiz, galdegin dezake, Jaungoiko ikusezina ikusgarri gertatzen baitzaio haren egintzak aztertzen dituenari (Erm. 1, 20); baina maitasunak haien mende uzten ditu eta mendean daudelarik ezin iritzirik eman. Galdegileei ez baina iritzi emaileei erantzuten baitiete. Ez dute mintzorik aldatzen, hots, edertasunik, batak ikusi soilik egiten badu eta besteak ikusi eta galdetu, bakoitzari bere erara agertzeko; baina bientzat era berdinean agertuz mutu da batarentzat eta besteari mintzo zaio; hobeki esan, guztiei mintzo zaie baina haren mintzoa kanpotik hartu eta barnean egiarekin alderatzen dutenek ulertzen dute. Egiak esaten baitit niri: «Zeru-lur eta gorpuzki oro ez dituzu Jaungoiko».