San Josemariaren idazlanak itzultzen

Ana Echaide doktoreak, Nafarroko Unibertsitateko Katedraren eta Euskal Ikasketen Diplomaren zuzendari ohia, bere itzulpen lanei buruz hitz egiten digu

Zerk eraman zaitu “Es Cristo que pasa” itzultzera?

Aspaldian San Josemariaren obrak euskarara itzultzen hasi ziren. Bidea (Camino) 1964an atera zen, gipuzkeraz, D. Manuel Lekuonak eta Agustin Orbegozok, (C.P.) itzulita. Gero, 1982an, Errosario Santua, Luis Egiak itzulita, gipuzkeraz ere… Pedro Berrondok egindako itzulpenak ere (Goldatz, 1991, Sutegi, 2003) gipuzkeran daude.

Orain urte batzuk, Nafarroako Unibertsitatean irakasle nintzela, Errektoreordeak San Josemariaren obra aszetikoak euskara batuan argitaratzeko asmoa zutela azaldu zidan eta itzulpena egin nahi ote nuen galdetu. Oso pozik hartu nuen eskaintza hura eta lanean hasi nintzen. Bidea agortua zegoen eta hortik hasteko erabakia hartu genuen. 2000. urtean atera zen. Gero argitara gabe zeuden liburuei eman genion lehentasuna. Beraz, Es Cristo que pasa izan da lehenengoa, ateratzeko zorian dagoena.

Zer asmo duzu itzulpen honekin, zein da zure helburua?

Itzulpen guztiek duten helburua, euskaldunei San Josemariaren obrak eskuratzea, alegia. Egia da euskaldun guztiek gaztelaniaz edo frantsezez irakur ditzaketela obra horiek, eta askok jatorrizko hizkuntzan irakurtzea nahiago dutela, baina beste askori euskaraz irakurtzea gustatzen zaie, batzuk euskara ohiko zaielako, beste batzuei beren euskara aberasteko edo mantentzeko. Guztiei aukera ematea da gure helburua. Bestalde, euskal kazetari, apaiz, edota edozein idazleri beren idazlan edo hitzaldiak euskaraz prestatzerakoan edo San Josemariaren aipuren bat egiterakoan baliagarria izan zaieke.

San Josemariaren beste libururik itzultzeko asmorik ba al duzu?

Amigos de Dios (Jainkoaren adiskideak) itzultzen ari naiz orain. Dakizun bezala, Kristo, bidez doala bezala, San Josemariak prestatutako 18 homilien bilduma bat da. Luis Egiak itzuli zituen homilia hauek 80. hamarkadan, gipuzkeraz, baina argitaratu gabe daude, bi izan ezik. Hala eta guztiz ere, oraingoak itzulpen berriak dira, ez aurrekoen moldaketak. Jainkoa lagun, beste liburuak itzultzeari ere ekingo diot, baina… gerokoak geroko.