Prentsa-komunikatua

Opus Deiko Erromako Informazio Bulegoak prentsa-komunikatu hau zabaldu zuen otsailaren 14an, ‘Da Vinci Kodea’ filma dela eta

Azken egunetan galdera asko iritsi zaigu Da Vinci Kodea filmari buruz. Urtarrilaren 12an esandakoa errepikatu nahi genuke: ez dugu eztabaidarik nahi; ez da izango ez boikoterik ezta ezer antzekorik. Egoera honen aurrean gardentasunez eta lasaitasunez jokatuko dugu, onerako aprobetxatu nahian. Da Vinci Kodeak Eliza Katolikoaren irudi desitxuratua ematen du. Baina aukera egokia izan liteke liburu eta film hauen publizitatea, Elizaren egia adierazteko.

Deus Caritas est entziklikan Benedikto XVI.ak karitatea Elizaren berezko ezaugarria dela dio: “Maitasuna Elizak ematen duen zerbitzua da, gizon-emakumeen oinazeez eta beharrez etengabe arduratuz” (19. z.).

Une egokia izan liteke oraingoa, ezagutzera emateko katolikoek Afrikan, duela mende asko, burutzen dituzten zerbitzu lanak; eta babesteko Elizaren erakunde askoren ahalegina kontinente horretan, Afrikak sufritzen jarraitzen baitu munduko larrialdi handienetarikoa.

Pertsona asko nahigabetu du Da Vinci Kodearen kristauen sinesteekiko errespetu faltak; beren desadostasuna lasaitasunez eta ona bilatuz adieraztera gonbidatu nahi genuke: ezagutzera emanez katolikoek Afrikan sustatutako hezkuntzako edo lankidetzako ekimenen bat; edo diru laguntza bat emanez ekimen horretarako. Badakigu horrelako laguntza keinu sinboliko bat besterik ez dela, baina badu esanahi zehatz eta positibo bat ere.

Harambee 2006 lau egitasmok osatzen dute, Afrikako katolikok sustaturik; lauetatik bi Opus Deiko kide dira. Baina beste ekimen asko daude, denon laguntza merezi dutena, eta ez da erraza bat aukeratzea.

Da Vinci Kodeak eragindako eztabaida publikoa polemika antzu bihur ez dadin nahi genuke; horretarako bide bat da Katolikoek Afrikan duten ekintza solidarioei buruz informatzea. Horrela lortzen da eztabaidak emaitza onuragarria uztea: Eliza Katolikoaren berezko alde bat hobe ezagutzea, eta gizaki jakin batzuei laguntzea.

Aldi berean, Sony – Columbiak erantzun positiboa emateko gai dela uste dugu oraindik. Aise ulertzen da ez dela nahikoa irainduari defendatzeko aukera ematea, iraina mantentzen den bitartean. Egoerari egoki erantzuteko iraina saihestu egin behar da, oraindik posible denean.

Hiru hilabete gelditzen dira oraindik lehen emanaldirako. Beraz, itxaropena mantentzen dugu filmaren azken edizioan katolikoak irain ditzakeen aipamenik egon ez dadin. Erabaki hori - keinu baketzaile hori - oso estimatua izango litzateke, batez ere orain, intolerantziaren ondorio penagarriak mintzen gaituztenean.

Sony – Columbiak ekarpen bat egin lezake oraindik adiskidetasunera, gaur egunean garrantzi handiko dena: froga dezake adierazpen askatasuna eta sinesteekiko errespetua uztar daitezkeela; egiazta dezake errespetua sentsibilitatetik sortzen den egintza askea dela, ez zentsuraren eta mehatxuaren ondorioa. Adiskidetzearen aldeko erabakia hartuz gero, Sony – Columbiak kultur arteko elkarrizketaren auziari mesede handia egingo lioke, eta enpresa horien tradizio errespetagarria ohoratuko luke.