Kide izateko

Opus Deiko kide izateko, askatasun osoz egin behar da eskaera, Jainkoaren deia jaso delako uste betean, eta prelatutzaren agintariek onartu behar dute.

Eskaera idatziz egiten da eta onarpena sei hilabete ondoren, gutxienez, ematen da. Urte bateko epea pasa ondoren, kide gaiak prelatutzan parte har dezake denbora batez, kontratu izaera duen adierazpen formal baten bidez, urtero berritu daitekeena. Bost urte geroago behin betiko kide izan daiteke.

Zuzenbide kanonikoarekin bat etorriz, inork ezin du legez Opus Deiko kide izan adin nagusikoa ez bada (18 urte edo gehiago).

Opus Deiko kide egiteak, prelatutzaren aldetik, fede katolikoan eta Opus Deiren espirituan etengabeko heziera eskaintzeko konpromisoa eskatzen du, eta prelatutzako apaizen atentzio pastorala. Kidearen aldetik, prelatutzaren xedeari dagokien gauzetan, prelatuaren jurisdikziopean egoteko konpromisoa darama; eta prelatutzako gobernuaren arauak eta kideen beste obligazioak betetzea.

Prelatutzako fededunak, Opus Deiren espirituaren arabera, santu izaten saiatzera eta apostolutza egitera behartzen dira. Horrek gogo bizitza zaintzera darama, otoitz, buru ukapen eta sakramentuen bitartez; baita ere, Elizaren ikasbidean eta Opus Deiren espirituan etengabe sakontzeko, prelatutzak eskaintzen dituen heziera bideak erabiltzera; eta prelatutzaren eginkizun ebanjelizatzailean parte hartzera, bakoitzak ahal duen neurrian.

Prelatutzarekiko loturak hitzarmenaren indarreko epea amaitzeraino irauten du, edo lehenago, kideak nahi balu, prelatutzaren agintaritzarekin bat etorriz. Prelatutzatik irteteak elkarrekiko eskubide eta obligazioen amaiera suposatzen du.

Kideen jarduera profesionala eta publikoa

Opus Dei Prelatutzako kide egiteak ez dakar inolako aldaketarik estatutu pertsonalean: sozietate zibileko eta Elizako kide bezala dituen eskubide eta obligazio berak mantentzen ditu. Prelatutzako kide egin diren laikoek ez dute beren egoera pertsonala, teologikoa edo kanonikoa aldatzen. Fededun laiko arruntak diraute eta horren arabera jarduten dira.

Bere eginkizuna espirituala bakarrik denez, prelatutzak ez du parte hartzen bere fededunek aurrera atera behar dituzten mundu honetako ekintzetan. Bakoitzak askatasun eta erantzukizun osoz dihardu. Opus Deik ez ditu bereak egiten bere kideen erabakiak. Estatutuek diotenez, jarduera profesionalean, irakasbide sozial, politikoetan, etab., prelatutzako kide bakoitzak, fede eta ohiturei buruzko irakasbide katolikoaren mugen barruan, beste fededun katolikoen askatasun bera dauka. Prelatutzako agintariek ez dute ezta aholkurik eman behar ere gai hauetan.