Javier Santurtun. Barakaldon sortutako margolaria

Baserritik bankura eta bankutik artista izateari. Nola bizi kristautasuna lanbide berri honen bitartez

Espainia gobernuko presidente-ordearekin erakustokian

Begiradatxo bat zure ibilerari

1956ko abuztuan jaio nintzen Barakaldon. Retuertoko baserri zahar batean bizi ginen: Zuazoko bidean kokatua zegoen, Vega de Ansionen,  hauxe baratze, zelai eta kanaberadi sail bat baizik ez zenean. Nire aitak Babcock Wilcox-en lan egiten zuen… eta baratzean ere bai.

Retuertoko eskolan egin nituen ikasketak eta gero Batxilergoa Burtzeña eta Barakaldoko salesiarretan. Azkeneko ikastaroa egitean hil zen nire aita eta lan bat bilatzen hasi nintzen kontabilitatea ikasten nuen bitartean. Urte haietan Banketxetan lan egiteko oposizio bat edo beste izan ziren eta auzoko beste bi lagunekin Bilboko Banketxean sartu ginen administrari. 1974an zen. Orduan hasi nintzen ere pintura munduan murgiltzen dedikazio bereziz. Eta urte hartan bertan ere ezagutu nuen Eretza gazteendako kluba, Opus Deiko kideek hirurogeiko hamarkadan hasitako ekimena.

Pinturan gero eta gehiago sartua nengoenez, Arte Ederretako sarrera prestatzen hasi nintzen eta COU ere egin nuen Gazteluetako gau-eskolan. Soldadutza bukatu eta urte bete geroago, Bilboko Banketxea utzi eta Arte Ederrak egiten hasi nintzen. Jose Alzuet, Gazteluetako Arte Plastikoetako irakasleak, berarekin lan egitea eskaini zidan; erakutsi nizkion nire arte lanak eta hasieratik animatu zidan aurrera egiten artearen alorrean.

Hemeretzi urteetan zehar pinturari dedikatu eta aldi berean Gazteluetako Plastika irakasle izan nintzen. Orain urte batzuk, alde batera utzi nuen ikastetxea arteari dedikazio osoa ematearren. Eta abentura horretan sartuta nago oraindik

Javier Santurtun bere lanak aurkezten

Nola ikusten duzu bizitza artearen ikuspuntutik?

Gehienetan, artistei buruz izaten den kontzeptua, errealitateatik nahiko urrun dauden topiko batzuetan oinarritzen da. Lan guztietan bezala, artean ere mota desberdinetako pertsonak daude. Bai neu, bai nire ezagunak diren beste gizon-emakume artistak, hangoak eta hemengoak, pertsona normalak eta arruntak gara, nabarmenkeria berezirik gabekoak. Honetan lan egiten dugu gustukoa dugulako eta benetako bokazio profesionala bezala hartzen dugu. Alde askotatik beste edozein profesio bezalakoa da, baina egia da desberdina dela ere: artea egiteak pertsona osoa barruan sartzen du, konpromisoa izugarria da: kreazio jardueraren grinak momentu zoragarriak ematen dizkizu eta mila ordu sarrarazten dizkizu… baina oso txarrak ere bai, askotan ez baitzaitu betetzen, azkenean inoiz ez baitzara iristen bilatzen duzun helburura, beti motz geratzen zara.

Mota honetako lanak, gehienetan gogo bizi bat (“tentsio” berezia ere bai) sortzen du bizitzan eta eguneroko jardueran. Zure eginkizuna bizibidea irabaztea baino askoz harago doan lana baita. Lan honetan, balio edo irabazi handiena, zure lanak egitean aurkitzen duzu. Gozamen hau da bereziak sentitzera eramaten gaituena. Gutxik ulertzen dute hori kanpotik ikusita. Eta horrek eramaten gaitu bizitzan jarrera edo planteamendu ez hain konbentzionalak edukitzea. Adibidez, mundua nagusitzen duen ekonimizismoaren eraginaren pean dauden pertsona askok (merkataritza legeak bakarrik onartzen dituzte) ezin sinetsi dute artista batek jartzen duen esfortzua eta denbora ia salezina den obra batean. Ezta azkenik, ez duela dirua irabazteagatik egin sinesten badute, funsgabea edo zentzu gutxikoa dela ustez, gutxietsi egingo dute. Nahiz eta, ez gutxi batzuk bakarrik, beren barnean, inbidia diote bizitzeko modu horri, aberats edo boterutsu izan gabe, “gizarteko helburu eta balio” batzuen gainetik egote horri.

Lan eta lan bukatu arte

Nola santutzen da norbera artearekin eta artista bizitzarekin?

Honetan, edozein beste girotan bezala, uste dut bere kristau sinesmenarekin koherente izan nahi duena, gora-behera guztietan Jainkoaren gogoko izan eta bai hari, bai besteei zerbitzatzen saiatzen dela. Gure mugak ditugula jakinez, baina baita ere aurrera jotzeko gogo bizia eta grazia, santutze eginkizun horri naturaltasun handiz begiratzen zaio: gero eta gehiago jabetzen zara zure Aita Jainkoak ia pisu guztia daramala zure egunei giza xarma eta naturaz gaindiko balioa ateratzen. Oso aberasgarria deritzot hau guztia “antzeztua” izatea nire lanaren ingurugiroan, nire “estudioaren” pareten artean; eta nire profesioaren barruan gogo bizia sortu eta ardurarazten nauten gauza guztiak baterabildu daitezen arteak, modu batez edo bestez, sumarazten digun betetasuna iristeko kristau helburuarekin, beste bizitzan, herriotzaren ondoren.

Zer egiten du Opus Deik Barakaldon?

Barakaldon bizi garen Opus Deiko kideen artean barietate handia dago: adin guztietako jendea, lanbide oso desberdinetakoa etab. Eta bakoitza, bai gizonezkoak, bai emakumezkoak, bere bizitza hiritarrean, familiakoan, lagunartean etab., iruditzen zaion modu onenean jardungo dela uste dut: ahal duen neurrian, gauzak ondo egiten saiatuz, ezagunekin leialak izanez eta kristautasunaren lekukotasun erakargarria emanez.

Ezagutzen dut ere bertatik hasieran aipatu dudan gazteendako Eretza klubak egiten duen heziketa lana. Zer egiten du klub honek Barakaldoren alde? Adibide gisa esan dezaket Eretzan ikasi dudala balioesten hainbat eta hainbat giza eta kultur gai, ikaslearen lana, gauzak ondo egiteko egiazko ardura, kirola eta bizitza aurrean izan behar dugun kirol jarrera, zailtasunak eta helburuak, pertsonenganako harreman adiskidetsuak, hemendik pasa diren gazteak nola hazi eta heldu diren ikusteak ematen duen poza, beren gurasoekin harremanak izatea, heziketa lanak sortzen dituen gertaera pilak… Edozeinek baino gehiago ikasi dut gozatzen eta dibertitzen “lelokeriak” eginez besteekin ondo pasatzearren hainbat eta haimbat ospakizun eta jaialditan. Hori eta pila bat gauza gehiago egunez egun gauzatuak, beti besteen alde pentsatuz , inguruan dituzunak zoriontsuak izan daitezen bilatuz. Eretza ezagutzen duten Barakaldoko hainbeste pertsonek hori bera esan dezakete.

Ansio izeneko lana bere lekuan kokatua

Bizitzari eta jendeari baikorki begiratzea Ebanjelioan oinarrituriko helburua da. Eta lan hau ezingo litzateke aurrera eraman, uste dut, hainbesterainoko eskuzabaltasun eta itxaropenez, ez balego pertsona eta munduaren ikuspegi kristau baten oinarritua.