Hernanin bertan ezagutu nuen Opus Dei

Paqui Zubillaga: Vatikano II kontzilioak adierazten zuen espiritua Opus Dei barruan nola isladatzen ikusteak ziurtasun handia eman zidan.

Paqui donostiarra da, baina Hernanin bizi da orain dela berrogei urte baino gehiago. Hogei urte zituela ezkondu zen. Erizaintza ikasi zuen eta Valdecillako ospitalean lanean hasteko zorian zegoela bertan behera utzi behar izan zuen amets handi hura nefritis batek jota. Gero, endokrino batekin lan egiten jarri zen, bere senarrak lana utzi zuenean enpresak itxi zuelako. Bost urte ondoren CEITeko harreragile izateko aukera sortu zitzaion eta aldatu egin zen. 21 urte bete ditu lan honetan, eta ‘ikertzaile nagusi’ balitz bezala gozatzen du. Bi seme ditu. eta Opus Deiko “supernumeraria” kidea da.

Nola ezagutu zenuen Opus Dei?

Hernanin ezagutu nuen, 1973 urtean. Orduan Erain ikastetxea han zegoen kokatuta eta herriko adiskide batzuek, bere seme-alabak eskola horretan zituztenek, ezagutzera eraman gintuzten. Esan ziguten Opus Deiren ardurapean zegoela arimen zaintza. Nik ez nuen Opus Dei ezagutzen, baina atsegin zitzaidan, guretzat erlijio heziketak lehentasuna baitu.

Opus Deiko zerk gustatu zitzaizun gehien?

Zalantzarik gabe, Vatikano II. Kontzilioko doktrinarekiko hurbiltasuna. Beti izan dut erlijio-ardura handia eta Elizan gertatzen ari ziren aldaketak ikusten nituen. Opus Deien ikasten ari nintzen eta Kontzilioan esan ziren gauzen arteko lotura ikusi nuenean, lasaitu handia hartu nuen. Ziurtasun handia eman zidan.

Zein da 2007an bizi direnentzako Opus Deiren mezua?

Hiru gauza nabarmenduko nituzke. Jaungoikoa tratatzen ikasi dut eta honek asko lagundu dit eguneroko bizitzan sortzen diren arazoei aurre egiteko. Gainera, baduzu besteekin konpromiso bat, bere gauzetan laguntza emateko eta bizitza atseginagoa eginarazteko, beti gertuenetatik hasita: etxekoak, lankideak, eta abar. Eta hau guztia askatasun eta besteen ideia politikoekiko begirune giro batean bizituta. Era guztietako jendearekin bizitzen ikasi dut, moderatuekin eta erradikalekin, mutur batekoekin zein bestekoekin. Nire adiskide gehienek ez dute ezer praktikatzen, ezertxo ere ez, baina begirunez hartzen dugu elkar. Hau beti izan da garrantzitsua, baina hainbeste amorru nabaritzen den garai honetan are garrantzitsuago da.

Uste al duzu Euskal Herriko tentsio politikoak baduela zerikusirik euskal gizartearen sekularizazioan?

70 hamarkadan, Opus Deien sartu nintzenean, Hernanin ikaragarrizko tentsio politikoa genuen. Nahikoa zen kalera ateratzea. Gainera, asko nahasten zen erlijioa eta politika, baina jende askok praktikatzen zuen. Orain gauzak aldatu egin dira. Nik esango nuke erlijio heziketako gabezian datzala arazoa, nork zein alderdi bozkatzen duen axolarik gabe.