Bilbotik Nairobira Kianda aurrera ateratzeko

Mercedes Otaduy-k 30 urte igaro ditu jadanik Kenyan

Mercedes Otaduy, Opus Deiko kide numerarioa, 30 urte baino gehiago lan egin du Kenyako haur eta emakumeen sustapen eta garapenaren alde.

1987an heldu zen Mercedes Otaduy Nairobira ikastetxe berri batean laguntzera boluntario bezala. Orduan 23 urte bakarrik zituen eta herri hartan ezagutu zuenak erabat hunkituta utzi zuen. “Dena bestelakoa zirudien. Jendea oso pobrea zela ikusten nuen, oinarrizko gauzak ere ez zituela ezagutzen. Oso zaila da giro horretan lagunak egitea, desberdina ikusten baitzaituzte. Harremanak ere ez ziren errazak, denek ez baitzekiten ingelesa. Zaila izan zen, ezer ez zen nik aurretik bizi izan nuen antzekoa” dio.

Bilbotar hau Afrikara joan zen Kianda fundazioan lankide boluntario bezala lan egitera. Kianda Opus Deik 1961ean eraikitako erakunde bat da, Kenyako emakumeen bizitza garatzen eta hobetzen sustatzeko sortua. Proiektu zehatz batekin iritsi ziren kontinente hartara; idazkari ikasketen eskola bar sortzera. Eskola hura arraza guztietako emakumeak hartu zituen lehenengo erakunde akademikoa izan zen.

Gaur egun, fundazioak baditu lehenengo hezkuntzatik unibertsitateraino doazen hezkuntza zentroak . “Orain dela 50 urte neskatxek ez zuten ikasketarik egiten, ez zuten aukerarik. Oraindik ere, baliabide ekonomiko gutxi baitago, dirurik izatekotan mutilen hezkuntzarako erabiltzen da, ez neskentzat” penaz dio Mercedesek.

Desberdintasun eta pobretasun giro honek bultzatuta, Kiandako boluntarioak –irakasle guztiak emakumeak dira– egunez egun egiten dute lan Kenyako emakumeei zenbait eskola emanez. Kiandako eraikinetan irakurtzen eta idazten irakasten diete, baina lanbide batzuk ere ikas dezakete: josketa, nekazaritza, baita etxeko ekonomia ere.

Mercedes bertako umeekin lanean

Laguntzaile boluntario honek azpimarratzen du ikasleak erlijio desberdinetakoak direla –kenyatar gehienak protestanteak dira–. “Ez diegu ezartzen ezer. Beren sinesmenak errespetatzen ditugu”, azaltzen digu.

Afrikan HIESek duen kutsapen indizea altua dela jakinez, orain fundazioaren proiektuen zuzendari denak beren sexu hezkuntza ikastaroak azpimarratzen ditu: “Pozik ikasten dute. HIES zer den erakusten diegu, nola eta zergatik datorren: oraindik badira zenbait neskatxa katarro bat bezala pilula bat hartuz sendatzen dela uste dutenak”.

Kiandako proiektuen artean Kenyako lurraldean zehar Children’s Health Program azpimarratzen du. “Ekimen hau sortu zen bi mutiko hil zirenean, beren gurasoek dirurik ez eta medikuarengana eraman ezin izan zituztelako. Pena izugarria ematen du jakitean 2 euroren kontua zela. Hauek bezala badira zenbait haur medikamendu soil batez sendatu zitezkeen gaitzak dituztenak”.

Egoera honi irtenbide bat bilatu nahian, hasteko kontsultategi bat jarri zuen fundazioak, eta orain ekipo bat osatu du pobretasun larria dagoen eremuetan lan egiten duena eta inguruetako lehen-hezkuntza ikastetxeetara joaten dena, ikasleei mediku azterketa egitera eta, beharrez gero, tratamendu egokia eskaintzera.

Batzutan kirurgia behar dute, bestetan terapia psikologikoa, tratu txarra ematen baitiete. Sei mila haurrei iritsi nahi dugu, eta horretarako laguntza behar dugu. 50 euro bakarrik behar dira haur baten osasuna zaintzeko 10 urtez” , esaten digu emakume lehiatsu honek.