Alvaro del Portillo

(Madrid, 1914 - Roma, 1994)

Alvaro del Portillo, San Josemariaren lehen ondorengoa Opus Deiren buru bezala, Madrilen jaio zen 1914ko martxoaren 11n.

1935ean Opus Deiren kide egin zen. 1944ko ekainaren 25ean apaiztu zen. 1940tik 1975era Opus Deiren Kontseilu Orokorrean parte hartu zuen; 1940tik 1947ra eta 1956tik 1975era idazkari orokorra izan zen. Bide Ingeniaritzan Doktore zen. Zuzenbide Kanoniko eta Filosofia eta Letretako (Historia saila) doktoregoak ere jaso zituen.

Aulki Santuaren erakunde desberdinetako aholkulari izan zen, hala nola Fedearen Irakasbiderako Kongregazioarena, Klerikoentzako Kongregazioarena, Santuen Auziendako Kongregazioarena eta Gizarte Komunikabideetarako Aita Santuaren Kontseiluarena. Vatikano II.a Kontzilioan lan egin zuen Laikoendako aurre-prestamen batzordearen lehendakari bezala lehenik, eta Klerikoen diziplina batzordearen idazkari eta beste batzorde batzuen aholkulari bezala gero. Bere liburu hauek, Fieles y laicos en la Iglesia (1969) eta Escritos sobre el sacerdocio (1970), neurri handi batean, esperientzia horren ondorio dira. Zuzenbide Kanonikoko Kodearen Berrikusketa Batzordearen kide bezala, gaur egungo Kodearen prestaeran ere parte hartu zuen, Joan Paulo II.ak 1983an aldarrikatua.

1975ean Escriva Monsinorearen ondorengo hautatu zuten. Opus Dei Prelatutza Pertsonal bezala eraikita izan zenean, Aita Santuak prelatu izendatu zuen. 1990ean Joan Paulo II.ak apezpiku izendatu zuen eta 1991eko urtarrilaren 6an ordenatu.

1985ean Gurutze Santuaren Erromatar Zentro Akademikoa eraiki zuen Erroman, Gurutze Santuaren Unibertsitate Pontifikalaren hazia.

Opus Deiren buru izan zen 19 urteetan, Prelatutzaren lana hogei nazio berritara zabaldu zen.

Erroman hil zen, 1994ko martxoaren 23an. Joan Paulo II.a egun hartan bertan joan zen haren gorpuaren aurrean otoitz egitera.

- Alvaro del Portillo monsinorea: Santuen Prozesuetarako Kongregazioan dago, aztergai, Positio super vita et virtutibus eta, haren bitartekaritzaz, ustez, lorturiko mirari baten Positio