Eskerrik asko Gloria

San Josemaria Bilbon ezagutu zuen lehenetako emakume bat hil da Galdakaon

Gloria Gandiaga Goikoetxeak (Boroa-Amorebieta 1927-2013) Bilbon, Abando Unibertsitarioen Egoitzan enplegatu bezala lan egiten zuen garaian ezagutu zuen San Josemaria. Berehala ohartu zen bere bihotzean sentitzen zuen Jainkoaren deia San Josemariak eguneroko bizitzaren handitasunari buruz azaltzen zuen mezuarekin bat zetorrela; hortxe baitago Jainkoa gu maitatuz, gutaz arduratuz, gure zain.

1946an Sarrera eskatu zuen Opus Dein eta bere bizitza osoan zehar Egintzako pertsonak zainduz bizi izan zen Espainiako zenbait hiritan. Sukaldari berezia izan zen. 1970ean Sukaldaritzako lehen Sari Nazionala irabazi zuen: urrezko lapikoa, eta labe bat erosteko erabili zituen 15.000 pezeta.

1977tik aurrera Bilbon bizi izan zen eta erretiroa iritsi zitzaion arte Arangoya ikastetxeko kolaboratzaile izan zen Dietetika, Nutrizio eta Sukaldaritza Departamentuko aholkulari bezala.

1994an, orduan Alvaro del Portillo Jauna Opus Deiko Prelatu zenaren 80. urtebetetzea zela eta, sukaldaritzako liburu bat idatzi zuen hari opari egiteko. Liburu honetan bere sukaldaritza lanaren zati bat jasotzen da. Pedro Subijanak egin zion hitzaurrean haren ospe profesionala eta gizalege maila aitortzen dira. Liburuko ilustrazioak giza elikaduraren hastapenen azalpen didaktikoa dira eta berak ematen zituen eskolentzat eginak daude

Ibilbide bikain hau bere osasun urratuarekin eta zenbait ebakuntza arriskutsuekin bateratu behar izan zuen, gurpil-aulkira lotuta bukatu zuen arte. Halere, ez zion ezerk umore ona eta besteen alde bere burua ematen galarazten. Bera ezagutu genuen bakoitzak esan ohi dugu: “Era bereziaz maite ninduen”.

Izugarri maite zuen bere jaioterria eta jaiera berezia zion Begoñako Andra Mariri. Hiltzear zegoela jakin zuenean, etxez aldatuko balitz bezala hartu zuen. Oso ederki prestatu zen, azken sakramentuak hartuz; bere lagunei deitzeko eskatu zigun eta oheburuan Athletic-en bandera jarri zuen. Galdakaoko ospitalearen korridoretatik adin guztietako pertsonak pasa ginen. Denok bere maitasuna, bere eskuzabaltasuna, bere laguntza eskertu nahi genion. Ekainaren 14an joan zitzaigun, bete-beterik eskuak, eta oroitzapen, eredu eta bide bikain bat utzi zizkigun hobeak izan eta Jainkoa besteengan eta gertatzen zaizkigun gauzetan aurkitzeko. Bere azken hitzak bere bila etorri zen Begoñako Amatxorentzat izan ziren: “Amatxu laztana”.

Agur, Gloria. Eskerrik asko!!!